Aurreko asteazkenean, alegia, maiatzaren 14an aurkeztu genuen Olatukoop iniziatiba.

IMG_0944

 

Baina zer da olatukoop?

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.

Euskal Herriak ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako olatu kooperatibo berri bat behar duela uste dugu. Horretarako, lehenik, Euskal Herrian izandako ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibismoaren memoria modu integralean berreskuratzea da gure asmoa. Horrekin batera, lanean modu aktibo eta banatuan jarduten duten ekimen ekonomiko eraldatzaileak eta kooperatiboak bistaratu nahi ditugu.

OlatuKoop sarea irekia da, eta ez du kideei ziurtagiria emango dien egitura zentralizatzailerik izango. OlatuKoop Oinarri Irekiak bere egitean, enpresa proiektu/komunitate bakoitza sareko kide izatera pasatuko da. Oinarri horiek betetzen direla sareko beste kideek bermatuko dute, modu kolektiboan.

Olatukoopen printzipio edo oinarriak hauek dira:

  1. Komunitatea osatzen duten kideek, auto-eraketa posible egiten duten erakundearen jabetza eta erabakitzeko ahalmen osoa dute, demokrazia ekonomikoaren eta pertsona bat bozka bat irizpideei jarraiki.
  2. Komunitatea osatzen duten kideek, auto-kudeaketarako beharrezkoa informaziora, ezagutzara, kudeaketa datuetara, baliabideetara eta horien erabilerara atzipen osoa eta zuzena izango dute, gardentasun irizpideei jarraiki.
  3. Komunitateak, beharrezko baliabide guztiekin, elkartasun pertsonala zein komunitarioa sustatuko ditu, aberastasun banaketa orekatua eta autonomia irizpideei jarraiki.
  4. Komunitateak, ondare komuna eta jasangarritasuna sustatzeko konpromisoa hartuko du, baita bere komunitatearentzako, inguruko sarearentzako eta bere ekimenak gauzatzen dituen jendartearentzako ongizatea bilatzeko ardura ere.

Informazio gehiagorako sartu eta bat egin gurekin http://olatukoop.net/